LANDU BEHARREKO GAITASUN FISIKOAK



Erreakzio abiadura

      Erreakzio abiadura oso garrantzitsua da ia edozein kiroletarako eta ez dago zalantzarik euskal pilotaren kasuan ere horrela dela esaterakoan. Zenbat eta denbora gutxiago behar izan pilotarengana abiatzeko, orduan eta azkarrago iritsiko gara. Honek, pilotara denborarekin iristea suposatzen du, kokapen on bat hartzea ahalbideratu, erasotzeko aukera eman edota pilota zailetan ongi defendatzeko gaitasuna hobetzen du. Horrez gain, material ezberdinagatik edo aurkariarengatik ( bote txarrak, aurkaria gurutzatzea...) askotan mugimenduak aldatzea eskatzen du eta honetan ere oso garrantzitsua izango da erantzun azkar bat emateko ahalmena edukitzea.
            Erreakzio-abiadurari eragiten dioten faktoreen artean honako hauek egongo dira: faktore fisiologikoak (nerbio-transmisioko abiadura, muskuluak uzkurtzeko abiadura...) ; buruko faktoreak (motibazioa, arreta, intuizioa, esperientzia...) ; faktore fisikoak (gorputz tolestua, grabitate zentro aurreratua, sasoi onean egotea). 

Desplazamendu abiadura

      Erreakzio abiadurarekin estuki lotuta dagoen nolakotasun fisikoetako bat desplazamendu abiadura izango da. Desplazamendu abiadura on batek, leku batetik beste leku batera oso azkar joateko gaitasuna edukitzea suposatuko luke. Nolakotasun hau oso garrantzitsua izango da euskal pilotan, pilota jotzeko lehendabizi iritsi egin behar baita. Beraz, erreakzio abiaduraren eta desplazamendu abiaduraren arteko lotura egokia pilotan jokatzeko oinarrizko baldintza izango litzateke eta ezinbestetzat jotzen ditugu hauek lantzea.
      Esan beharra dago, ezin dela alderatu abiadura handiko lasterkariek (100m) eta pilotariek dituzten higitzeko erak. Pilotarien desplazamenduak motzak izaten dira gehienetan, 10-12 metro ingurukoak gehienez. Gainera, mota askotako desplazamenduak menperatu beharko dituzte: aurrerantz, atzerantz, alboetara... Beraz, helburua, maiztasun handiz urrats txikiak egitea izango da ahalik eta denbora gutxienean.



Erresistentzia

            Beste aspektu garrantzitsuetako bat erresistentzia izango da. Erresistentzian bi mota bereiz genitzake: erresistentzia aerobikoa eta erresistentzia anaerobikoa. Erresistentzia aerobikoko maila on bat edukitzeak, partidu osoa ia nekatu gabe jokatzeko ahalmena edukitzea suposatuko luke. Gainera, tantoa bukatutakoan ongi errekuperatzeak ere garrantzi handia edukiko du hurrengo tantoa intentsitate berberaz jokatu ahal izateko. Oso oinarrizko erresistentzia mota den arren, kontu handia ibili behar da, ez baita egokia izango iraupen jarraikorreko eta luzeko entrenamenduak burutzea. Honek, pilotaria argaltzea eta ahultzea ekarri dezake. Gainera, ez dio pilotako partidu baten ezaugarriei erantzuten, atseden une ugari baititu.
            Beste alde batetik, erresistentzia anaerobikoa egongo da, tanto barruan esfortzu handiko mugimendu azkar eta biziak egin beharreko uneak. Egoera hauetan bihotz-pultsazioak asko igotzen dira, desplazamendu azkarrak egiteaz gain kolpeak edota jaurtiketak burutu behar direlako. Erresistentzia anaerobiko txarra  duen pilotari batek partidua aurrera joan ahala eta nekatzen doan heinean, koordinazioa galtzen joango da, kantxan mugitzea gehiago kostatuko zaio eta beso-abiadura galtzen joango da.

Indarra

Gaur egun, ia pilotari denak altuak eta palanka handikoak izaten dira. Indarra aspektu garrantzitsuena bilakatu da. Entrenatzaile batek genetika aldatu ezin badu ere indarra egoki landuaraziz pilotari oso onak atera daitezke. Hau horrela gertatu dadin, indarraren kasuan 3 mota bereiz daitezkeela jakin beharko dugu: indar gorena edo gehienezko indarra, indar- erresistentzia eta indar azkarra.
 Gehienezko indarraren adibidea jartzearren, ahalik eta pisu gehiena mugitzea izango zen (harri jasotzea edo halterofilia). Indar-erresistentziari dagokionez, ahalik eta denbora gehienean indarra mantentzeko gaitasuna izango litzateke, txirrindularitza edota maratoi lasterketa adibidez. Azkenik, indar azkarraren kasua izango da euskal pilotarentzat garrantzitsuena, erresistentzia txikiak ahalik eta azkarren gainditzea izango baita helburu nagusiena.
Horrek ez du esan nahi indar gorena eta indar-erresistentzia bazterrean eta landu gabe utzi behar direnik, zenbat eta indar gehiago eduki txikiagoa egingo zaigulako pilotaren gainditu beharreko aurkaritza. Gainera, tanto eta partidu luzeetan indar-erresistentzia ona edukitzea ere garrantzitsua izango da, atzelarientzat batez ere askotan burutu beharko dutelako kolpea edo jaurtiketa intentsitate gorena mantenduz.




Koordinazioa

Koordinazioa lantzerakoan bi mota desberdindu beharko ditugu: koordinazio orokorra eta koordinazioa espezifikoa. Koordinazio orokorra lantzea oinarrizkoa izango da ondoren koordinazio espezifikoan errendimendu ona eman dezagun. Edozein mugimendu egiterakoan gorputzaren kontrola mantentzea da koordinazio orokorra. Horrez gain, jokoko edozein unetan erantzun on bat emateko gaitasuna ematen du eta mugimendu berriak ikasteko erraztasuna dakar. Koordinazio mota hau oso gaztetan -lantzea komeni da (7-12 urte bitartean), ondoren espezifikoan lan on bat burutu dezagun. Koordinazio espezifikoa, berriz, kantxa barruan egindako mugimenduak koordinatzea izango litzateke, hau da, egoera errealean egindako mugimenduen eraginkortasuna. Askotan jotzeko edo jaurtiketa burutzeko mugimendu hauek behin eta berriz errepikatu behar dira barneratzea lortzeko. Beraz, oso ariketa zehatzekin lortuko dugu koordinazio mota hau era egoki batean lantzea.

Zalutasuna

Zalutasuna baldintzatzen duten bi aspektuak, muskuluak luzatzeko duten malgutasuna eta artikulazioek mugitzeko dituzten gaitasunak izango dira. Euskal pilotan, pilotarekin kontaktua eduki aurretik sarritan besoen luzaketa bat ematen da gorputzaren atzealdetik luzatuz. Besoa gutxi altxatzeak edo ukondoa guztiz ez luzatzeak garbi erakutsiko du besoko artikulazioaren mugikortasuna ez dela ona edo bizepsaren malgutasuna txikiegia dela. Askotan gertatzen da indarreko entrenamenduen gehiegikeriagatik gorputzeko atalen malgutasuna galtzea eta hori ongi kontrolatu behar du entrenatzaileak. Baita gerta liteke, txikitan postura desegokiak hartzea eta jotzeko edo jaurtitzeko mugimendu teknikoa gaizki burutzea.
Horrez gain, garrantzitsua izango da malgutasun elastiko ona edukitzea potentziarekin eta besoa askatzeko bizitasunarekin lotuta baitago. Artikulazioen mugimenduak berriz, mugimendu zabalago eta osoagoak egiteko ahalmena emango dio pilotariari eta inertzia handiagoa lortuko du pilotari abiadura handiagoa emateko: orkatilak, belaunak, aldaka, besoak…




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Translate