Hona hemen, Emoixonk prestakuntza, euskal pilotako jokamolde ezberdinetarako oinarrizko prestakuntza fisikoaren ataria sarean. Blog honetan, pilotaren entrenamendu fisikoari loturiko aldagai, ariketa, bideo zein erreferentziak ikus daitezke besteak beste. Labur esanda, proposamen bat.
Atari honen helburua, herritar orori baliabide jakin batzuekin pilotaren entrenamendurako baliagarriak suerta dakizkion laguntzak eskaintzea da, jaso, gorde, moldatu zein proposatu daitezkeen tresnak ezagutaraztea alegia. Gure momentuko zein etorkizuneko pilotariak hizpide, txoko honen erabilera baliagarri bihurtu, informazioa elkartrukatu eta entrenamendu fisikorako zenbait trikimailu aurki ditzakezue bertan.
Jokamolde ezberdinez osaturiko kirol zoragarri honen praktika eta hedakuntza lanbide, aurrera begira, garatzeko eta sistematizatzeko beharra duen proiektuan sinesten dugu eta laguntza, proposamen eta burutazio txikienak txiki, animatu parte hartzera pilotazale!
Atari hau, jubenil mailatik( 16-18 urte) hasi eta bakoitzak nahi duen adinera arteko (errendimendu-nahiaren arabera) entrenamendu fisiko baten ideiaren erakusleiho izango da hasiera batean, luzera begira, sakondu zein pilotaren entrenamenduarekin lotutako arlo ezberdinen lanketa ez delarik baztertuko. Euskal pilotan lantzen diren oinarrizko gaitasun fisikoen lanketa du helburu, espezifikatu gabe. Orokortasun honetatik abiatuz, lehen esandako adin-tarte honetan ez dugu zilegi ikusten soilik pilota praktikatzera bideratutako entrenamenduak planteatzea eta horrexegatik maila ertaineko eskaera gisa baloratzen dugu gure lana. Ohiko material, autokarga eta oinarrizko baliabideak erabiliz, zenbait jarraibide dituzue eskura.
Proiektuaren helburuetan aurrera eginez, esan beharra dugu guk proposatzen dugun molde hau, errendimendura begirako abiapuntu eta edozein zalerentzako mantentze lan gisa ikusten dugula. Hortaz, aurkezpena eginda has gaitezen lanean. Sentitu, pentsatu eta ekin!
